Enpresak

Gizarte-lana

Orrialdearen edukia

Zure langile batek lan-istripua duenean, bere egoera eta ingurune soziala aldatu egiten dira.

Pazienteak, behar bezalako arreta jasotzeaz gain, gizarte laguntzen beharra izango du, istripuak ekarri dizkion ondorioen eragina ahal den neurrian gutxiagotzeko.

Zertan datza FREMAPen Gizarte Langintza?

Arreta soziosanitarioaren alorrean pazienteari laguntzeko bideratutako jarduerek osatzen dute Gizarte Langintza, besteak beste:

  • Pazientearen osasun edo gaixotasunarengan eragina duten gizarte-faktoreak aztertzea.
  • Osasuna galtzetik etorritako egonezin psikosozialaren tratamendua.
  • Pazientearen sendatze prozesuan laguntzea, ahal den autonomia gehiena berreskura dezan, eta bizi behar duen ingurunera ahalik eta ondoen egoki dadin.

Nola egiten dugu hori?

FREMAPeko gizarte-langile bat istripua izan duen zure enpresako langileaz arduratuko da, eta bidezko den moduan esku hartuko du, tratamendu medikotik harago, behar duen denbora guztian asistentzia jasotzen duela bermatzeko. Prozesu guztian zehar, nahi adina argibide eta lanbide-orientazioa eskainiko dizue.

Zenbaterainoko balioa du ematen dugun laguntzak?

  • Lan-istripuaren edo Laneko gaixotasunaren ondorioz gertatzen diren arazoei, edo, horiek eraginda, okertu diren egoerei konponbidea aurkitzen saiatzen gara.
  • Lan-istripuak edo Laneko gaixotasunak pazientearen ingurune psikosozialean duen eragina murrizten edo arintzen laguntzen dugu.
  • Istripua izan duten langileak bere onera ekartzen saiatzen gara, erabat sendatu daitezen; batez ere, diagnostiko larria dutenak eta ezintasun iraunkorreko egoeran egon daitezkeenak.
  • Pazienteei argibideak eta orientazioa eskaintzen diegu, Mutuaren eginkizun eta baliabideak jakinarazteaz batera, komunitate, udal edo autonomia mailan egon daitezkeen beste laguntzen berri jaso dezaten.
  • Ahal den neurrian, istripua izan duenari bere lanpostura itzultzen edo beste lan-jarduera batera egokitzen laguntzen diogu, dituen mugak aintzat hartuz eta Lanbide Heziketa sustatuz.
  • Lan-istripuaren edo Laneko gaixotasunaren eraginez hil egin diren pazienteen senitartekoei aholku ematen diegu. Horrela, legeari jarraiki Mutuak zer prestazio eta gizarte-laguntza eman diezazkieekeen jakingo dute, eta, horrekin batera, beste bide batzuetara jota lor ditzaketenak ere ezagutuko dituzte: esaterako, erakunde publiko eta pribatuek dagozkien kasuetarako ematen dituztenak. Gainera, familiaren eta Mutuaren arteko bitartekari gisa ere arituko da gizarte-laguntzailea.
  • Prestazio Berezien Batzordeak ematen dituen gizarte-laguntzen inguruko argibideak ematen dizkiegu enpresa, langile eta sindikatuei, hala egiteko eskatzen digutenean.
  • Enpresa mutualistekin elkarlanean dihardugu, absentismoa murrizteko bideratutako ekintzekin, eta euren langileen gizarte arazoak konpontzeko ekimenekin (Gizarte-laguntzailearen esku-hartzea eta laguntza beharrezkoa den behin-behineko kasuetan).
  • Pentsiodunei baliaezintasun-egoeran egoteagatik behar dituzten ziurtagiriak eta dagozkien prestazio publikoak nola lortu azaltzen diegu.

Nori egiten dio mesede zerbitzu honek?

Lan-istripua jasan duten edo Laneko gaixotasuna daukaten FREMAPeko enpresa mutualisten langileei edo haien senitartekoei. Zerbitzu hori eskainiko zaie langilearen egoera larritzat jotzen denean: dela lesioen larritasunagatik, dela 120 egunetik gorako baja izateagatik (medikuek aurreikusitakoaren arabera), dela ezintasun iraunkorreko egoeran egon daitekeelako (edozein mailatan).

Halaber, beste hauek ere zerbitzuaren onuradun izango dira: Lan-istripua izanda medikuen pronostiko arina jaso dutenak, eta Gaixotasun arruntak eragindako aldi baterako ezintasun egoeran izanda FREMAPeko osasun-zerbitzuen tratamenduarekin jarraitzen dutenak; Gizarte Langintza beharrezkotzat jotzen den kasuetan, betiere.